Haltza
Alnus glutinosa

Alnus hitzak haltza esan nahi du, eta glutinosak (latinetik; glutinosus-a-um = likatsu) kimu gazteen izaerari egiten dio erreferentzia. Zuhaitz hau aski ezaguna da Europa, Asia eta Afrika iparraldean. Bere banaketa orokorra isurialde atlantikoarrekoa den arren, isurialde mediterraniarrean ez da arraroa, bertan ibai handien ertzetan agertzen baita.

Alnus glutinosa

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Fagales
Familia
Betulaceae
Deskribatzailea
(L.) Gaertn.
Estatusa
lc

Morfologia

Tamaina ertaineko zuhaitza, 20 metrotara irits daitekeena. Eite piramidala hasieran, denborarekin borobiltzen edo irregular egiten joaten den arren. Metro betera iritsi daitekeen enbor zuzena du, azal arre-ilunekoa eta nahikoa hauskorra (azaleko arrakaletatik huntza bezelako landare igokariak igotzen dira eta beste intsektu askori bizilekua ematen die).

Hostoak

Hostogalkorrak dira, eta hosto sinple eta txandakatuak dituzte. Kimu eta adartxo gaztean nahiko lingirdatsuak dira. 4-10 cm-ko hostoa, orokorrean forma obobatudun, kamutza, ertz bizerratua, peziolatuak. Kolore berde ilunagokoak goikaldetik, behekaldean nerbioen inguruan iletsoek argiagotu egiten baitute.

Loreak

Landare monoikoak dira, nahiz eta loreak sexuaren arabera infloreszentzia ezberdinetan bananduta dauden. Loraldia urtarrila eta maiatza bitartean ematen da, hostoak agertu baino lehenago (negu amaieran kaskabeltz eta tarin ugari ibiltzen dira euren gosea asetu nahian lore batetik bestera haziak jaten). Braktea bakoitzeko 3 lore ar daude, 4 estamin eta sepaloduna bakoitza, gerba erako infloreszentziatan kokaturik agertzen dira. Lore eme biluziak, berriz, braktea bakoitzaren galtzarbean kokatuak. Hauek ere kolore berdeko gerbatan ezarriak daude.

Fruituak

Fruituak behin lorea ernalduta udazkenean heltzen dira. Fruktifikazio oboideoak, 2-5naka lukuetan biltzen direnak, puntaldean zabaltzen diren zurezko ezkatekin, bakoitza bat edo bi akenio zapal eta hegaldunekin. Gimnospermoen kono txikien itxura hartzen duela esan daiteke. Oso erraz sakabanatzen da hazi asko ekoizten baititu. Dena den, oso ohikoa da ugalketa begetatiboz ugaritzea ere.

Banaketa

Europa erdialde osoan zehar banatuta dago, Asiaraino.

Alnus glutinosa Alnus glutinosa

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Alnus cordata
Haltz italiarra
Betula pendula
Urki dilindaria
Basagurbea
Sorbus aucuparia
Otsalizarra
Sorbus aria
Hostazuria


Ekologia

Ibai-ertzetan oso arruntak dira haltzadiak eratzen, inoiz mendietako magal oso hezeetan ager daitezkeen arren. Bere garrantzia ekologia bere nitrogeno atmosferikoa atxikitzeko gaitasunean datza. Gai da lurzoru txiroak kolonizatzeko, beti ere nahikoa hezeak badira, eta honela ilarako basoak eta ezpondak eratzeko gai da.

Bere zura arina da eta nahiko azkar usteltzen den arren lehorrean oso iraunkorra izaten da uretan murgildua dagoenean. Izan ere, bere azala taninoetan aberatsa da eta hori dela eta urazpiko deskonposatzaileen (hifomizetoak eta bakterioak) kolonizazioa moteltzen du. Honi esker, egoera naturalean ibaietan presak eratzen dira ibaiko ornogabe eta arrainei bizilekuak eskeiniz.

Fenologia

Loreak hostoak bota aurretik sortzen dira, neguaren amaieran eta udaberri hasieran.

Erabilerak

Espezie hau kasu batzuetan apaingarri gisa erabiltzen da, baita birlandaketetan ere. Arestian aipatutako taninoak kolesterola murrizteko ere erabilgarriak dira, eta azala eztarriko minak lasaitzeko erabiltzen da infusio moduan.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hainbat dira zuhaitz honekin mikorrizak eratzen dituzten onddo ektomikorrizikoak; Paxillus involutus, Paxillus filamentosus, Cortinarius violaceus, Lactarius lacunarum eta Russula decolorans, besteak beste. Horrez gainera, epifitoki Hypogymnia physodes, Parmelia sulcata, Lecanora carpinea eta Pertusaria amara moduko likenak hazten dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera ez du kontserbazio-arriskurik.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/10/14 | Azken eguneraketa: 2013/12/31 | Bisita-kopurua: 2731 | Argazki nagusia: www.luontoportti.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...