Sagu lepahoria
Apodemus flavicollis

Basasaguaren oso antzekoa den sagutxo hau Europa erdialdeko espeziea dugu eta Iberiar Penintsulako iparraldean du, hain zuzen ere, bere banaketaren mendebaldeko muga. Bere izenak dioen moduan, maiz lepo inguruan kolore horiko iduneko bat aurkezten du eta basasagua baino handiagoa izaten da tamainaz, baina espezie bi hauek bereiztea ez da erraza izaten.

Apodemus flavicollis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Muridae
Deskribatzailea
Melchior, 1834
Estatusa
lc

Deskribapena

Basasaguaren antzeko espezia dugu hau baina gehienetan sagu lepahoria tamainaz handiagoa izaten da, 95-120 mm-koa muturretik isatsa hasten den lekuraino eta 77-118 mm inguruko isatsarekin. Ile marroia dute eta tripa zuriak, basasaguenak baino sabelalde argiagoak. Izenak dioen bezala, espeziea bereizteko erabiltzen den orban horia du lepoaren inguruan, bularraldean zabaldu egiten dena. Hala ere, iduneko hau maiz zaila da bereizteko. Sagu lepahoriak 14-45 g pisatzen ditu.

Ez dago dimorfismo sexualik baina emeek hiru pare ugatz izaten dituzte: bat pektorala eta bi izter inguruan. Hortz-formula 1.0.0.3/1.0.0.3 da eta bigarren molarrean ez da 9. tuberkulua agertzen. Aldiz, lehenengo molarreko 7. tuberkulua ondo garatuta egiten da.

Antzeko espezieak

Apodemus sylvaticus

Basasagua baino handiagoa da tamainaz sagu lepahoria. Izenak dioen moduan maiz kolore horiko idunekoa du lepo inguruan. Hala ere, ezaugarri hau ezin da espeziea identifikatzeko erabili. Ale gazteak, gainera, ilunagoak dira eta txikiak direnean, ia ezinezkoa suertatzen da basasagua eta sagu lepahoria bereiztea.


Mus generoa
Mus spretus Mus musculus

Mus generoko saguen oinaren luzera beti da 20 mm baino gehiagokoa.

Banaketa

Europa erdialdeko espeziea da eta Iberiar Penintsulako iparraldean du bere banaketaren mendebaldeko muga. Ekialdetik Uraletaraino zabaltzen da, Eskandinaviatik Italia eta Balkanetaraino eta populazio isolatuak ditu Ingalaterra eta Galesen. Gainera, Kaukaso aldean zabaltzen da, Palestinaraino.

Apodemus flavicollis Apodemus flavicollis

Habitata

Baso baldintza nahiko espezifikoak behar dituen espeziea da eta salbuespenak salbuespen, nahiago ditu baso heze hostoerorkorrak, ur emarien ingurukoak.

Ematen duenez, euri kopurua da espezie honen banaketa mugatzen duen faktoretako bat eta 1000 mm baino gehiagoko prezipitazio-tasak dauden lekuetan soilik bizi da.

Baso gazte zein zaharretan bizi da eta bere ur eskariei aurre egiteko, maiz nekazal lurren inguruan aurkitu daiteke, baita baratze, jardin eta landa eremuetako eraikinetan ere (Macdonald & Tattersall, 2001).

Hala ere, esate baterako Italian, eskualde mediterranearrean bizitzen ere ikusi da. Ematen duenez zuhaixka eta belar estaldura handiek laguntzen diote kasu honetan.

Espezie hau ez da batere arrunta eremu irekietan (txilardietan edo larretan). Kantauri isurialdean itsas mailatik 1000 metrora agertzen da eta Nafarroan 680-1000 metro inguruan.



Habitat bereko espezie gehiago

Jynx torquilla
Dendrocopos major
Picus sharpei
Scolopax rusticola
Bubo bubo
Cuculus canorus
Otus scops
Dryocopus martius


Elikadura

Fruitu txikiz, haziz, kimuez eta ornogabe txikietaz elikatzen dira eta maiz elikagaiak beraiek eraikitako tuneletan pilatzen dituzte. Sagu askok bezala, hauek ere euren gorotzak jaten dituzte, bertako elikagaiak guztiz liseritzeko asmoz.

Ugalketa eta ontogenia

Sagu lepahoriaren ugal-sasoia martxoan edo apirilean hasten da eta urriraino luza daiteke. Hala ere, baldintzak onak baldin badira, urte osoan zehar ugal daitezke.

Ugaldu aurretik arren ultrasoinu batzuk igortzen dituzte emearen arreta deitzeko. Ernaldiak 25-26 egun irauten ditu eta emeak 2-11 kume erdituko ditu (normalean bost). Erditzea emeak aurrez prestatutako habi batean gertatzen da, gehienetan gauez.

Kumeen erabateko titi-uztea 18 egun ingururekin gertatzen da eta normalean hurrengo urterarte ez dira ugalduko. Hala ere, urte hortako udaberri hasieran jaio badira, urte horretan bertan ugaldu ahal izango dira.

Bizimodua

Sagu lepahoriak gautarrak dira eta soilik gaueko tarte batez daude aktibo. Eme dominanteak nahiko agresiboak izan daitezke eta kumeak hiltzera ere iristen dira.

Eskalatzaile onak dira eta horri esker zuhaitz eta zuhaixketako fruituez elika daitezke, baita beste saguak baino erreztasun handiagoz sartu etxeetara. Beraien predatzaileak diren hontzak eta erbinudeak usatzeko gai dira eta horretarako salto txikiak ematen dituzte. Hala ere, predatzaileek harrapatzen badituzte, gai dira isatseko azala askatzeko eta ihes egiteko. Azal hori ez da berriro hazten eta isatseko atal hori erori egingo zaie. Sagu lepahoriek ez dute hibernatzen baina neguan talde handitan pilatzen dira elkarri beroa emateko eta normalean baino lo gehiago egitend dute (Leach, 1990).



Esteka interesgarriak


Bibliografia


Leach, M.. 1990. Mice of the British Isles. Shire Natural History. Shire Publications Ltd. Aylesbury

BarČiova L. & M. Macholán. 2009. Morphometric key for the discrimination of two wood mice species, Apodemus sylvaticus and A. flavicollis. Acta Zoologica Academiae Scientiarum Hungaricae, 55 (1): 31–38

Macdonald DW & Tattersall, F. T.. 2001. Britain's mammals- the challenge for conservation. The Wildlife Conservation research Unit, Oxford University:

Gosábez J. & E. Castién. 1995. Reproductive cycle, abundance and population structure of Apodemus flavicollis (Melchior, 1834) in the western Pyrenees. Mammalia, 59 (3): 385–396
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/11/19 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2040 | Argazki nagusia: Vojtěch Dostál

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...