EuskalNatura.net
 
 
EuskalNatura.net
 
 
 
 
Euskal Herriko natura eta zientziaren ataria arrow Natura arrow Espezieen fitxak arrow Arrano beltza [Aquila chrysaëtos]
 
saioa
Erregistratu nahi? Kontua sortu
bilatu
erabiltzaileak
749 erabiltzaile
1 gaur
11 aste honetan
21 hilabete honetan
Azkena: emegoalok
interesgarria
Deskargak
albisteak
EuskalNatura
Antropologia
Astronomia
Biologia
Fisika
Geologia
Ingurugiroa
Kimika
Klimatologia
Natura
Paleontologia
Teknologia

Arrano beltza [Aquila chrysaëtos]
Egilea: Antton Alberdi Estibaritz   

Arrano beltza, Euskal Herrian aurki dezakegun hegazti harrapari eder eta lirainenetariko bat da. Euskal Herriko arranorik handiena den arren, ez dago oso hedatua gure lurraldean eta Arabako Mendietan eta Pirinioetan bizi diren bikote gutxi batzuek osatzen dute gure inguruko populazioa.

Erreinua: Animalia
Phyluma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Falconiformes
Familia: Accipitridae
Generoa: Aquila
Linnaeus, 1758
Altuera: 70-90 cm
Hego-luzera: 190-230 cm
Pisua: 3,9-4,7 kg
Errunaldia: 1-2 arrautza
Inkubazio-aldia
: 45 egun
Lehen hegaldia: 50 egun
Bizimodua: monogamoa
Elikadura: harraparia
Soinua:

Ez dago banaketa-maparik

Deskribapena

Euskal Herriko arranorik handiena da. Burualde oso sendoa, hego handiak eta buztan nahiko luzea ditu. Helduak marroixkak izan ohi dira eta aurpegi eta kokote aldean urre-koloreko tonalitateak eduki ohi dituzte. Buztana beltza da, muturrean apur bat argitzen delarik. Azpialdea marroi kolorekoa da, gune argiago batzuk beha daitezkeelarik. Gazteak ilunagoak izan ohi dira. Hegoen erdialdean eta buztanaren behe aldean orban zuri bereizgarriak beha daitezke. Orban hauek desagertu egiten dira gaztea, heldutan izango duen lumaia hartzen doan heinean.

Banaketa

Ia mundu guztian hedaturik dagoen hegaztia da. Iparramerikan, Eurasian eta Afrika iparraldean aurki daiteke eta baita Bretainia Handia, Japonia eta Mediterraneoko irletan ere.

Europa erdialdeko populazioa asko gutxitu da azken hamarkadetan gizakiaren eraginez eta garai batean ugari zeuden lekuan ez da alerik gelditzen.Egun, Europa mendebaldean Eskozia, Norvegia, Alpeak, Italia eta Iberiar penintsulan soilik gelditzen dira, nahiz eta 2001ean 35 ale askatu ziren Irlandan.

Euskal Herrian Arabako mendietan eta Pirinioetan beha daitezke. Araban, Izki aldean eta Errioxa eta Nafarroarekin muga egiten duen inguruan ikus daitezke, eta Pirinioetan, Nafarroa, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Araban 8 bikote daudela estimatzen da eta Pirinioetan 13 besterik ez.

Habitata

Baso eta zelaiak ugari diren ingurune menditsuetan bizi ohi da hegazti hau. Kumeak gurasoengandik gertu gelditzen dira bizitzen, lurraldetik kanpora egin gabe.

Habiagintza

Urtez urte txandakatzen dituzten hainbat habia eratzen dituzte beren lurraldean. Batez ere kareharrizko harkaitzetako kobazulo eta erlaitzetan eratzen dituzte habiak, baina badira zuhaitzen adaburuetan habia eraikitzen dutenak ere. Nahiko sinpleak izan ohi dira. Pinu eta arteen adarrekin eratzen dute oinarria eta pinu-hostoez estaltzen dute. Umatze-garai bakoitzeko pisu berriak gehitzen zaizio eta ohikoa da hainbat urteren osean metro bateko altuera eta bi metroko zabalera izatera iristea.

Ugalketa

Hegazti monogamoak dira. Ugal garaia martxoa inguruan hasten da eta normalean, beren lurraldean bertan ugaltzen dira. Ugalketaren ostean, emeak 1 eta 3 arrautza bitartean erruten ditu eta 45 egunez inkubatzen ditu. Zuriak izaten dira eta 77x59 mm-ko tamaina eta 140 g-ko pisua izan ohi dutenak Jaiotzen diren kumeak lumaia guztiz txuria izan ohi dute. Txito bat baino gehiago jaiotzen badira, lehenengoak 50 egun ingurura burutzen du lehen hegaldia. Gainerakoak, normalean, hil egiten dira, gurasoek ez baitituzte zaintzen eta lehen kumeak indar nahikoa duenean habiatik botatzen baitu.

Elikadura

Tamaina ertain eta txikiko ugaztunez elikatzen dira, batez ere. Hegaztiak (usoak, usapalak, eskinosoa) eta narrastiak ere ehizatzen dituzte eta noizbehinka sarraskiez ere elikatzen dira. Ehizarako behe-hegaldiak burutzen ditu eta harrapakinetik gertu dagoenean bere gainera amiltzen da abiadura handiz. Gazteak gurasoek elikatzen dituzte independizatzen diren arte eta, normalean, ugaztunak beharrean hegaztiak ematen dizkiete. Ziurrenik, arrano gazteek hegaztiak hobeto digertituko dituzte.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez dute harrapari naturalik.

Ez dago argazkirik

 
EuskalNatura.net elkartea 2009. Eduki guztiak (galeriako argazkiak salbu) Creative Commones by sa lizentziapean argitaratu dira.
Webgune honen helburua informatzea da eta horretarako eskura ditugun baliabideak erabili ditugu.
Inork edukiotakoren batek inoren eskubideak urratzen dituela uste badu, esan eta berehala kenduko dugu.
Galeriako argazkiak erabiltzaile bakoitzarenak dira, eta ez lizentzia askekoak.