
Aspaldi honetan zientzialariek energia beltzaren existentziaren bitartez saiatu dira urrun dauden supernobak gertuago daudenak baino azkarrago mugitu izanaren zergatia azaltzen. EHUko José Senovilla fisikaria eta bere lantaldeak, ordea, ideia berritzaile bat plazaratu berri du, energia beltzaren beharrik gabe aipaturiko afera azaltzeko balio dezakeena.
Duela hamarkada bat inguru, astronomoek urruneko supernobak gertuagokoak baino azkarrago mugitzen zirela behatu zuten. Era honetara, zentrotik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta azelerazio handiagoa zutela uste izan da hamarkada honetan. Ezagutzen diren lege fisikoen kontra doanez, zientzialariek energia beltzaren ideia sortu zuten, kosmosaren hedatzearen azelerazio-indar gisa.
Arazoa, ordea, energia beltza zer den eta nondik datorren inork ez dakiela da, nahiz eta hamar urte hauetan ahalegin ugari bideratu diren arazo hori azaltzera. EHUko José Senovilla eta Mar Mars, eta Salamancako Unibertsitateko Raul Veraren ideiak energia beltza bazter batera uzten du. Urrun ikusten diren supernobak duela asko zeuden egoeran dakuskigu, eta denbora moteltzen ari denez, urrun daudenak azkarrago mugitzen ari direla dirudi. Baliteke, ordea, duela urte asko denbora orain baino azkarrago joan izana, eta aipaturiko efektua honen ondorioz sortzea.
Zientzialarion ideia oraindik ere espekulaziotzat hartzen den teoria batean oinarriturik dago. Teoria honen arabera, gure unibertsoa espazio multidimentsional baten barruan dago, eta hau era berean, detektatu ezin dugun dimentsio altuagoko espazio batean.
Honenbestez, energia beltzaren eta denboraren moteltzearen espekulazioak aurrez aurre jarri dira. Denborak esango du non dagoen erantzuna, akaso.
Iturriak:
Wired Science,
New Sciencist