|
Bizkaiko Diputazioak 120 ubarroi hilko ditu
|
|
|
|
Egilea: Antton Alberdi Estibaritz
|
 Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza sailak negu honetan 120 ubarroi handi ( Phalacrocorax carbo) hiltzeko programa martxan jarriko du. Basozain batek izango du 120 aleak akabatzeko erantzukizuna. Proiektuaren kontra daudenek adierazi dutenez, erreka-arrantzaleen onerako harturiko erabakia da, antza, Foru Aldundiak hartu duena. Bere aldetik, Foru Aldundiak amuarraina eta izokina errekuperatzeko plana dela adierazi du, ubarroi eta lertxunek ibai eta erreketako arrain-kopurua asko txikitzen dutela argudiatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez, proiektua burutzeko arrazoi
nagusiak amuarrain eta izokin populazioak berreskuratzea dira. Hainbat
talde ekologista eta naturazalek beren kexak aurkeztu dituzte, ordea.
Adierazi dutenez, ubarroiak hiltzearen metodoa ez da bi arrainon
populazioak berreskuratzeko metodo egokia, Europako beste hainbat
lekutan demostratu denez. Beren esanetan, Foru Aldundiaren nahiak
bestelakoak dira. Kirol-arrantza burutzen den arrantza intentsiboko
esparruetako arrainen populazioak kaltetuak izan dira hegaztien
ondorioz, eta honek arrantzaleen arteko kexak eragin ditu. Kalte horiek
giza ikuspuntutik begiratuta gertatu dira, noski. Gainera, ikerketa
burutu duten bi enpresen txostenetan ez da aurrez aipaturiko bi arrain
espezieen populazioan berreskuratzearen inguruan ezer aipatzen.
Duela bi urte arrantzaleek kexak plazaratu zituzten Diputazioan, eta
gaia aztertzeko ikerketa bat enkargatu zen. Ikerketa egiteko lehiaketa
irabazi zuen enpresaren emaitzak, ordea, ez ziren proiektuari atzera
egiteko nahikoa izan eta Foru Aldundiak beste enpresa bati esleitu zion
ikerketa. Asmoaren kontra daudenek azaldu dutenez, bigarren enpresa hau
ez da ingurune naturalei buruzko ikerketetan batere zaildua,
ehiza-eremuetan piztiak garbitzeko moduetan baizik.
Bizkaiko Foru Aldundiak harturiko erabakiak, ordea, badirudi ez duela
atzera bueltarik eta Bizkaian 120 ubarroi gutxiago izango direla
datorren udaberrian.
Iturriak: Bizkaiko Foru Aldundia, Izate, Sustatu
|