Kaio iluna eta diafragmaren irekidura

Objektibotik bloga | 2012/05/21 (azken aldaketa: 2012/05/21 ) | Egilea: Antton Alberdi | Bisitak: 1619
Kaio iluna eta diafragmaren irekidura
Kaio iluna (Larus fuscus)

Behin obturazio-abiadura azaldu ostean, esposizio-balioa zehazten duen bigarren faktorez ariko naiz artikulu honetan. Horretarako, duela lau bat urte Orioko Txurruka hondartzan atera nuen kaio ilun baten argazkia izango dugu lagun. Lehen planoan kaioa ageri da eguzkitan, obturazio-abiadura azkarrarekin ateratako argazkia denez (1:2400s), "izoztuta". Hondo beltza, berriz, autopistako zubiak sortutako itzalaren ondorioa da, esposizio-balioa kontrolatuta guztiz beltz bilakatua. 

Kaio iluna (Larus fuscus)

Kaio iluna europako kostalde atlantiarreko hegaztien artean ezagunenetariko bat da. Ez da, ordea, Euskal Herriko kaiorik ugariena; kaio hankahoria (Larus michahellis) baita gure kostaldean non-nahi ikus daitekeen kaio-espeziea. Hura kaio ilunaren oso antzekoa da, baina hegoetako luma argiagoak ditu. Ale helduak bereiztea erraza izan arren, gazteak bereiztea oso zaila da.

Kaio hankahoria ez bezala, iluna hegazti migratzailea da, eta, batez ere, Europan bizi den arren, Ipar Amerikan eta Islandian ere badira neguko populazioak. Gainerako kaio gehienak bezala, espezie koloniala da, eta talde handietan biltzen dira aleak. Itsas labarretan egin ohi dituzte habiak, eta omniboroak dira; hots, denetik jaten dute: arrainak, krustazeoak, intsektuak... eta zaborra.

Kaioak eta zabortegiak

Azken urteotan kaioak arazo bihurtu dira Euskal Herriko zabortegi askotan. Zarautzen, esate baterako, Zumaiako, Getariako eta Orioko kaio populazio ia osoa biltzen da bertako zaborretan jatekoa bilatzeko. Goizean goiz kaio ugari ikusi ahal izaten dira kostaldetik Pagoeta azpian dagoen zabortegira bidean hegan. Arazoa konpontzeko asmoarekin edo, Zarauzko udalak falkonerian aritzen diren hainbat pertsona kontratatu zituen belatzen bitartez kaioak uxatzeko. 

Espero zitekeen bezala, ordea, konponbidea ez da bide horretatik iritsi. Izan ere, kaioak hegazti oportunistak dira, eta oportunista guztiak bezala oso azkarrak. Momentuko baldintzetara moldatzeko gaitasun ikusgarria dutenez, aukera berriak sortzean muturreraino aprobetxatzen dituzte haiek, eta hori da zabortegiekin gertatu dena. Zabortegietan elikagai ugari aurki dezakete, eta ondo elikatzeko modua lortzen dute bertan. Elikagai faltarik ez dutenez, kaio kopuruak ere gora egin du, eta gurpil zoro horrek arazoa etengabe handitzen darrai.

Kaio populazioak kontrolatzeko modu bakarra euren janari-iturria moztea da, eta elikagaiak aire zabalean uzten jarraitzen dugun bitartean animalia horiek ez diote zaborrari muzin egingo. Belatzen bitartez kaioak uxa daitezkeen arren, belatzak kendu bezain laster gerturatzen dira berriz ere zaborretara, ondo ikasia dute hori. Beraz, belatzak betiereko erabili beharko dira arazoari era horretan aurre egin nahi bazaio. Eta ez dakit nik oso metodo eraginkorra den hori...

Diafragmaren irekidura (f)

Diafragmaren irekidura, izenak berak dioen bezala, diafragmak duen irekidura da. Diafragma ingurunearen eta sentsorearen edo pelikularen artean dagoen dispositiboa da, barrura sartzen den argi kantitatea zehazten duena. Dispositibo hori ireki edo itxi egin daiteke, argia igarotzeko zulo handiagoa edo txikiagoa sortuz. Era horretan, diafragma irekitzean (f baxua), argitasun handiagoa sartzen da kamera barrura; diafragma istean (f altua), aldiz, argitasun txikiagoa sartzen da. 

Diafragmaren irekidura f-balioen bidez neurtzen da. f balioak ere zenbaki diskretuak dira, obturazio-abiadurarekin batera esposizio-balioak zehazten dituztelako. Diafragmaren irekidura maximoa f1 da, eta zenbakia handitu ahala irekidura txikitu egiten da. f1-en ostean f1.2 dator, ondoren f1.4, jarraian f1.7, f2.0, f2.4... Zenbaki batetik hurrengorako jauziari f-pauso izena ematen zaio, eta pauso bakoitzean kamerara sartzen den argi kantitatea bikoiztu egiten da. 

F-balio maximoak objektiboek zehaztuta izaten dituzte. Objektibo txikiek, normalean, f-balio minimo altua izan ohi dute, eta argitasun gutxi dutela esaten da. f-balio minimo altuagoak lortzeko lente-sistema konplexuagoak eta objektibo handiagoak behar izaten dira.

Diafragmaren irekidura txikituta, kamerara sartzen den argitasun kopurua kontrola daitekeenez, argazkikoa moduko efektuak –hondo ilun-iluna– lor daitezke, esate baterako. Diafragmaren irekidurak, kamerara sartzen den argiaz gain, eremu-sakonera ere kontrolatzen du. Hori zertan datzan, ordea, hurrengo artikuluan azalduko dugu.

Kaio iluna eta diafragmaren irekidura
Iris ezberdineko diafragmen irudiak. Iturria: Wikimedia Commons




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Objektibotik

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...