Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Hego uharteko hego-mendebaldeko kostalde malkartsuan aurkitzen den fiordo-sistema gorena da, hego hemisferioan ikus daitezkeen fiordo ikusgarri eta zirraragarrienak bertan daudelarik.

Mendiminez bloga | 2013/02/01 (azken aldaketa: 2013/02/01 ) | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 1388
Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Milford Sound, "munduko zortzigarren miraria" Kiplingen hitzetan. Neguan ateratako argazkia.

Milford Sound, Zeelanda Berriko erakarpen bisitatuenetakoa da, Rudyard Kipling idazleak behin deskribatu zuen bezala <<munduko zortzigarren miraria>>.

Maoriak izan ziren Fiordland eskualdea esploratzen lehenak duela 800 urte inguru, eta Piopiotahi izena ezarri ziote, hau da, "birigarroak kantatzen duen lekua".

Ozeanotik, Milford Sound ezkutuan gelditzen da. Hala, James Cook nabigatzaile ingeles handiak ez zuen bi aldiz aintzat hartu, bere Resolution itsasontzia gertuko Dusky Soundera eraman zuen arren.

Ez zen 1823ra arte izan John Gronok fiordoa aurkitu zuela; eguraldiak bere itsasontzia barrenerantz sartuarazi bait zuen, hasieran badia baten itxura zuena pixkanaka zabaltzen joan zelarik, barneko distira ezkutuak agerian utziz. Gronok Milford Haven izena jarri zion, bere jaioterriaren omenez, Galeseko Pembrokeshire eskualdean. Beranduago, beste galestar batek izena aldatu eta gaur egun ezagutzen dugun Milford Sound bezala izendatu zuen. Galestar hau, John Stockes nabigatzailea izan zen, 1851. urtean Itsas Armada Britainiarraren HMS Acheron itsasontziarekin mendebaldeko kostaldea ikuskatu zuelarik.

Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Fiordo-sistemaren kokapen geografikoa eskala ezberdinetan.


Milford Sounden ibilgu irregularra Arthur haranean dagoen Ada lakuan hasten da, eta 14,5 kilometroren ostean, Tasmaniako itsasoko uretaraino iristen da; bidean, Harrison, Bowen, Stirling eta Sinbad erreken urak batuz.

Milforden ikus daitezkeen glaziarrez estalitako haran urpetuek fiordo baten deskribapen perfektua erakusten dute. Ozeanoetako ur-maila igo zenean, ura sartu zen inguruko mendietan izotzak sortutako haran glaziar sakonetan, gaur egun ikus dezakegun itxura hartu zutelarik. Fiordo-sistema inguratzen duten mendietan 6.500 mm-ko prezipitazioak jasotzen dira urtero, eta prezipitazio horiek urteko 182 egunetan banatuta daude. Horrela, Milford Soundeko haran nagusira jaisten diren errekastoak eratzen dira, ur-jauzi ikusgarriak sortuz. Horien artean aurkitzen dira Bowen (160 m) eta Stirling (145m) ur-jauziak.

Bestalde, aintzinako arrokak aztertuta -diorita eta gneisak batez ere- ezagutu da 12 fase glaziar ezberdin jasan dituztela azken 2 milioi urteetan, hau da, koaternarioan zehar. Duela 10.000 urte inguru azken glaziazioaren amaieran emandako atzerakadak, muturreko morrena bat utzi zuen fiordoaren sarreran, 300 metrotako sakoneran. Gainera, morrena honen bolumena itzela da, ur gainazaletik 27 metrotara gelditzen baita, itsasoko uren sarrera hein handi batean eragotziz. Horrela, fiordoko uren gazitasun-maila ohikoa baino baxuagoa da.

Milford Sounden sakonera handituz doa fiordoan barrurantz egin hala. Bere luzeeraren erdibidean, Mitre Peak tontorra altxatzen da 1.694 metroko altuerarekin, bere inguruan haran eskegiak aurkitzen direlarik. Horietako bat Sinbadeko arroila da, zeinetan hegan egin ezin dezakeen kakapo loroaren (Strigops habroptilus) azken habitatetako bat aurkitzen den. 

Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Milford Sound fiordo-sistemaren eratze prozesua. Hasieran, V formako haran flubiala zen. Gero, glaziazioarekin izotzez estali eta honek harana higatu zuen. Azkenik, gaur egun, itsasoko ura haran glaziarrean sartu eta estali egin du.


Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Milford Sound udako egun eguzkitsu batean. Ez da oso ohikoa horrelako egun garbiak izatea.


Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Inguruan aurkitzen diren mendi-lerro elurtuak, eta haran glaziar ikusgarriak.


Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Udazkeneko ohiko eguna, eguraldia goibel eta euri prezipitazioak noiz nahi. Hala ere, edertasuna agerian gelditzen da.


Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Stirling ur-jauziak. Haran eskegi batetik jaisten diren urak ezinbestean salto egin behar dute haran nagusira iristeko.


Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Bowen ur-jauziak. 160 metroko jauzia dago izen bereko haran eskegia eta Milford fiordoa batzeko.


Milford Sound, Zeelanda Berriko altxorra
Kakapoa (Strigops habroptilus) hegan egiten ez duen gaueko loroa da eta galzorian dago. 1995ean, 50 ale baino gutxiago zeuden, baina berreskuratze programa baten laguntzaz 86ra igotzea lortu da. Bere bizileku urrietako bat Milford Sounden aurkitzen da.




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Mendiminez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...