Luizi / Elur-jausi ikusgarria Aoraki Parke Nazionalean
1953an izendatu zen Parke Nazional hau Zeelanda Berriko Hego uhartean dago. 700 km2 inguruko azalera dauka eta %40 glaziarrek okupatzen dute. Gainera, herrialdeko 3.000 metrotik gorako gailur asko bertan daude, horien artean Aoraki/Cook mendia (3.753 m).

Mendiminez bloga | 2013/02/21 (azken aldaketa: 2013/02/21 ) | Egilea: Eñaut Izagirre | Bisitak: 1548
Luizi / Elur-jausi ikusgarria Aoraki Parke Nazionalean
Gertatutako isurialdeko prozesuaren hedadura ikusteko irudia.

2013ko Urtarrilaren erdialdera, Zeelanda Berriko gailurrik gorenetako bat den mendiaren inguruan izandako labainketa itzelak magalak burrunbatu zituen. Harri, elur eta izotz erorketa masiboa Dixon mendian (3.019 m) izan zen Urtarrilaren 21eko eguerdiko 2:30etan. Mendi hau Aoraki/Mount Cook Parke Nazionalean dago, Zeelanda Berriko Hegoaldeko Alpeetan.

Luizi / Elur-jausi ikusgarria Aoraki Parke Nazionalean
Satelite-irudia. © Image of the Day, NASA.


Gertaeraren ostean egindako analisi eta informeen arabera, harri eta izotz higakinak 500 bat metro erori ziren Dixon mendiaren hego isurialde malkartsutik behera. Ondoren, meseta zabalean (Grand Plateau) zehar hedatzen den Hochstetter glaziarrean behera jarraitu zuten higakinek elur-jausi erako fluxua eratuz. Guztira 3 kilometro baino gehiagoko luzeera eta 800 metroko jaitsiera izan zuen isurialdeko prozesu honek.

Durhameko Unibertsitateko David Petley adituaren hitzetan: "Gertatu dena lur labainketa oso ikusgarria da, jauzi altuera handia eta ibilbide luzea izan duena, baina ikusi ahal izan dudanagatik ez da ohiz kanpoko gauza izan".

Elur-jausia izan zen unean, 13 pertsona zeuden Grand mesetan dagoen aterpetxean (Plateau Hut). Horietako batek behean dagoen bideoetako bat grabatu zuen zuzenean. Bestea, Zeelanda Berriko Emergentzia Zerbitzuek grabatutako da. 

Bideoak





Comments (2)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    21 February 2013 at 12:45 |
    Ezer sumatu al zuten luizia gertatu baino lehen? Gogoratzen det Dru-ko paretaren zati bat erori zenean, 2005ean edo 2006an, aste batzuk lehenago abisatu zutela gertatzera zihoala. Monitorizatuta zeukaten. Pentsatzen det ingurune hau dezente hurrunago egongo dela "zibilizaziotik"...
  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    21 February 2013 at 14:46 |
    Notizietan ez dator ezer susmagarritasunari buruz, bapatekoa izan zela esaten da. Hori bai, 1991tik inguruan jasandako luizi-fluxu handiena izan da.

    1991an Aoraki/Cook mendian antzeko prozesua gertatu zen, baina hura askoz handiagoa izan omen zen, 7,5 kilometroko luzeera izan baitzuen. Gainera, luizi-masaren bataz besteko abiadura 200 km/h-tik gorakoa izan omen zen.

    Aipatzen duzun Drukoa 2005ean izan zen (Bonattik zabaldutako eta bere izena zeukan pilarea erori zenekoa), baina 2011 amaieran eta 2012 hasieran ere izan ziren gertaera berriak.

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Mendiminez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...