Onddoak

kolibia hanka-bihurria
Rhodocollybia prolixa

Kolibia hanka-bihurria nahiko onddo tipikoa da. Bere berezitasunik handiena,  izenak adierazten duen bezala bere hanka bihurria da. Kutikulako koloreari dagokionez arre-gorria da eta estipeak kolore arre argia dauka. Onddo honek ez dauka inongo balio gastronomikorik, mamia urria izateaz gain, zapore gozokoa eta usain desatseginekoa da.            

Argazkia: Nika Sagnagelskivling
Rhodocollybia prolixa

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2014/05/16
Azken eguneraketa: 2014/05/19
Bisita-kopurua: 1427

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Omphallotaceae
Deskribatzailea: (Hornem.) Antonín & Noordel.
Sinonimoak
Agaricus distortus
Collybia distorta
Rhodocollybia prolixa
Ekologia
Saprobio humikola
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Tamaina ertaineko basidiomikotoa da Kolibia hanka-bihurria, 3-8 cm-tako txapela garatzen baitu. Taldeko beste zenbait espeziek bezala txapelaren morfologia aldatzen du heltzen doan heinean. Hasieran pileoak kanpai forma badu ere, alea zahartzean zabaldu egiten da. Fruitu gorputzaren bizitza osoan zehar, mameloi izeneko titi antzeko egitura bat dauka txapelaren erdian.  Kolore arre-gorriko kutikula laua izaten da, honek, denborarekin kolorea galtzen du. 

Estipea

Onddo honek hanka fin eta luzea garatzen du, 4-9 x 0,5- 1 cm. Euskerazko izenak adierazten duen bezala hanka bihurria izaten du, ohikoena, bihurdura hau oinaldearen azpialdean izatea da. Koloreari dagokionez txapela baino askoz ere argiagoa izaten da, beti ere kolore arreak mantenduz. Estipea harikara  izaten da eta oinaren luzera osoan zehar ildaskak izaten ditu.

Orriak

Himenoforo laminarra. Orriak bata bestearekiko oso gertu hazten dira. Orri hauek hertsiak eta finak izaten dira. Ale gazteek kolore zuriko orriak izaten dituzte, eta zaharrek kolore arrosekoak.

Mamia

Kolore zuriko mamia biguna eta mehea izaten da, hots ez dauka asko jatekorik. Aipatu bezala kolore zuria da nagusi, kutikularen azpian izan ezik, bertan kolore gorrikoa izaten baita.


Mikromorfologia

Esporak

4-4,5 x 3-4 µm-tako espora esferiko titidunak izaten ditu. Espora hauek olio orbainak izaten dituzte. Esporadaren kolorea zuria izaten da.          


Ekologia

Habitata

Koniferoez zein hostozabalez osaturiko basoetan agertzen den espeziea da. Nahiz eta habitat potentzial ugari izan Euskal Herrian ez da oso espezie arrunta. 


Habitat bereko espezie batzuk:
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Kukuma
Amanita ovoidea
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina


Perretxiko-garaia

Rhodocollibya maculata-ren fruitu gorputza Euskal Herriko basoetan beha daiteke udazkenean zehar.

Jateko balioa

Ez dauka inongo jateko baliorik, mamia urria izateaz gain zapore gozokoa da eta usain desatsegina dauka. 

Antzeko espezieak
Rhodocollybia maculata

Bi espezie hauek nahasmena eragin dezakete, morfologikoki  nahiko antzerakoak baitira. R. maculata espezieak tamaina handiagoko estipe zuria izaten du. Koloreei erreparatuz errez bereizten dira, baina R. maculatak kolore zuriko txapelean herdoil koloreko orbainak izaten ditu. Orbainek, R. distorta espezieko ale zaharrekin nahasmenak sortuz.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...