Onddoak

Gardinga
Chlorociboria aeruginascens

Gure lurretan ohikoa da askomikoto txiki hau. Deigarria den bere kolore urdin-berdea izan ezik ez dauka inongo bereizgarririk. Hostozabalen basoetan, lurrera eroritako adar ustelduen gainean aurkitzen da uda eta udazkenean. Fruitu-gorputza ikusten ez bada ere, bere hazkuntzak eragiten duen orbain urdin-berdea oso maiz topatzen da adarretan.

Argazkia: Dan Molter
Chlorociboria aeruginascens

Artikuluari buruz
Egilea: Asier Uribeetxeberria
Sorrera: 2013/09/07
Azken eguneraketa: 2013/09/14
Bisita-kopurua: 997

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Ascomycota
Klasea: Pezizomycotina
Ordena: Helotiales
Familia: Helotiaceae
Deskribatzailea: (Nyl.) Kanouse
Sinonimoak
Peziza aeruginascens
Chlorosplenium aeruginascens
Ekologia
Saprobio lignikola
Jateko balioa
Baliogabea

Makromorfologia

Fruitu gorputza

Tamaina txikiko (2-5 mm) askoma garatzen duen onddoa da gardinga.  Hasieran apotezioak kopa itxura dauka, baina alea heltzen doan heinean zabaltzen joaten da, ale zaharretan laua izanik. Onddo txiki honen bereizgarri nagusia bere kolore urdin-berdexka da. Erpinak zertxobait argiagoak izaten dira. 

Onddo honek hanka laburra garatzen du, 2-3 mm-takoa. Koloreari dagokionez, karpoforoaren kolore berdinekoa da.

Mami gutxiko askomikotoa, zapore eta usain berezi gabekoa. Ehundurari dagokionez, hauskorra eta argizarikara da. Kolore uniformekoa da, urdin-berdexka.


Mikromorfologia

Esporak

6-10 x 1,5-2 µm-tako esporak fusiformeak dira. Espora hauek gardenak eta leunak dira. Esporaren erdialdean, ekidistanteki banaturik, hiru apaindura izaten dituzte.


Ekologia

Habitata

Lurrean usteltzen ari diren hostozabalen adarretan hasten den onddoa da. Pago adarretan behatu da batez ere eta nolabaiteko preferentzia azaltzen du azalik gabe dauden adarrekiko.


Habitat bereko espezie batzuk:
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kukuma
Amanita ovoidea
Lanperna horia
Amanita citrina
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura


Perretxiko-garaia

Neguko hilabeteetan izan ezik beste hilabete guztietan aurki daiteke onddo hau. Hala ere uda eta udazken hasieran da ugariena.

Jateko balioa

Ez dauka inongo balio gastronomikorik, ez baitauka ez usain ez zapore berezirik. Horrez gain mami oso gutxikoa da.

Antzeko espezieak
Chlorocibaria cenangium

Genero bereko bi onddo hauek, garapen faseko azken unean, hots, onddoak zaharrak direnean nahasgarriak suerta daitezke. Formaz antzekoak badira ere kolore ezberdina daukate. Gardinga urdin-berdexka kolorekoa den bitartean, C. cenagiumek kolore hori-oliba dauka. Printzipioz irizpide honi erreparatuz errazak dira ezberdintzen, baina gardinga zahartzen denean kolore horia hartzen du.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...