Andura, Marmaratila, Zimindurra
Viburnum lantana

Andura edo marmaratila zuhaixka hostoerorkor submediterraneoa dugu, erkameztien eta amezti ilaundunen ordezkapeneko sastrakadietan ohikoa. Euskal Herrian, barnealdeko arroetan eta tarteko mendietan arrunta da, iparralderago bakanagoa bilakatuz. Erraz bereiz daitekeen espeziea da, nerbio sakonak dituzten bihotz itxurako hostoei eta gorri koloreko fruituei erreparatuz gero.

Viburnum lantana

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Dipsacales
Familia
Adoxaceae
Deskribatzailea
Linnaeus
Estatusa
ne

Morfologia

2-3 m-ko zuhaixka tentea da, oinarritik adarkatua. Azal leun arrea eta adar zuzenak eta malguak ditu, behealdekoak glabroak eta goialdekoak izar itxurako ilupa trinkoz estaliak.

Hostoak

Hosto erorkorreko landarea da. Hauek paraera oposatua dute, ukitzerakoan latzak dira eta 20-85 x 25-68 mm-ko linboa izaten dute. Forma eliptikoa edo obatua izan dezakete, ertz horzdunean amaituz. Oinarria biribildua da. Gainaldea berde argia da, ile izarkara bakanekin, eta azpialdea zurixka, izar itxurako indumentu dentsoaren eraginez. Nerbiazio pinatinerbo nabarmena dute, azpialdean batez ere. Pezioloa 9 mm artekoa da, estipula gabea.

Loreak

Lore aktinomorfo pentameroak ditu, usaintsuak eta zuri krema kolorekoak. Kalizak bost hortz txikitan amaitutako hodi motza eratzen du, eta korola gamopetaloa da, kanpai erakoa, izar eran irekitzen diren bost petalok osatua. Androzeoa antera horia duten bost estamin exertuk osatzen dute. Ginezeoa, elkarren artean lotuta dauden hiru karpelok osatzen dute, estilo motzak eta estigma kapitatuak.

5-8 cm-ko diametrodun infloreszentzia bakoitzak 30-90 lore biltzen ditu. Zima korinbiforme ugarik osatzen dute unbela itxura duen infloreszentzia hau. Bi brakteola izaten ditu.

Fruituak

Drupa erako fruitu mamitsua du. Tamainaz 7-9,8 x 5,5-7,2 mm-koa da, oboidea eta zertxobait zapaldua. Hasieran gorria eta iletsua da; heldutakoan, berriz, beltza eta glabroa. Barnean 6,9-9,5 x 5,1-7,1 mm-ko pirenoa edo hezurra du.

Banaketa

Europan, Asiako hego-mendebaldean eta Afrikako ipar-mendebaldean zehar zabalduta dago. Iberiar penintsulan, iparraldean eta ipar-ekialdean arrunta da, baina mendiguneen bitartez erdialdera eta hego-ekialdera hedatzen da. Euskal Herrian, ugariagoa da eskualde mediterraneoan edo eskualde epel submediterraneotan, azpisektore Nafar-Arabarrean kasu, kostaldeko haranetan eta mendietan bakanagoa bilakatuz. Nafarroako hegoaldean ere falta da.

Viburnum lantana Viburnum lantana

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Quercus rotundifolia
Artea, Karraska
Laurus nobilis
Erramua
Quercus ilex
Artea
Pinus nigra
Larizio pinua
Pinus pinea
Pinazi pinua
Crataegus laevigata
Hegoaldeko elorri zuria
Crataegus monogyna
Iparraldeko elorri zuria


Ekologia

Landare submediterraneoa da, erkamezti eta artadien orletan eta horien ordezko sastrakadietan agertzen da batez ere. Lurzoru basikoekiko edo neutroekiko preferentzia erakusten du, eta 50-1300 m-ko altueran agertzen da. Nitrogeno gutxiko lurzoru lehorrak nahiago izaten ditu.

Fenologia

Apiriletik maiatzera loratzen da, eta fruituak uda bukaeran edo udazkenean heltzen dira.

Erabilerak

Apaingarri gisa erabiltzen da, eta bere zura altzariak eta erremintak egiteko baliatu daiteke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Rhamno-Prunetea subklaseko espezie bereizgarria da. Besteak beste, Clematis vitalba, Cornus sanguinea, Crataegus monogynaPrunus spinosa, Rubus ulmifolius, Salix caprea eta Tamus communis espezieekin batera agertu ohi da, batez ere erkametzek (Quercus faginea), ametz ilaundunek (Q. humilis) edo arteek (Q. rotundifolia) osaturiko basoetako orletan eta baso horien ordezko sastrakadietan.

Esteka interesgarriak

Egilea: Oihan Pla | Sorrera: 2014/10/21 | Azken eguneraketa: 2014/10/24 | Bisita-kopurua: 919 | Argazki nagusia: eol.org

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...