Ira-belar horia
Aconitum anthora

Landaretxo belarkara hau Europako erdialdeko eta hegoaldeko mendietan aurki daiteke. Gure inguruan, Pirinioetan izaten da nagusi, baina mendebalderantz urriagoa da, eta Euskal Herriko mendebaldeko mendietan du muga. Bere loreek txinparta itxura hartzen dute baina irudi polit honen atzean landare oso toxiko bat ezkutatzen da, altisina izeneko pozoia baitute.

Aconitum anthora

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ranunculidae
Ordena
Ranunculales
Familia
Ranunculaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkor belarkara dugu. Lurpeko tuberkuluetatik aireko zurtoin tenteak garatzen ditu, metro erdirainokoak. Errizoma loditua izaten du, tuberotsua.

Hostoak

Landaretxo honen hostoak lobulatuak dira. Lobulazio mota hau duten hostoei palmatisektu deritze eta oso lobulu estuak eratzen dira, 1-2 mm-koak, ia hostoaren oinarriraino erdibitzen direnak. Ira-belar horiak3-4 lobulu izaten ditu hosto bakoitzean.

Loreak

Zurtoinen puntan daude loreak, infloreszentzia sinpleak edo gehienetan luku modukoak eratuz. Luku motzak izaten dira, pedunkuluen gainean ezartzen direnak eta pubeszentze edo glabreszenteak. Pedizeloak lorea baino motzagoak edo pixka bat handiagoak izan daitezke. Sepaloak (petaloen antzekoak) horiak dira, luze bezain zabala den kanpai hemisferiko moduko bat eratzen dutelarik, hemiesferikoa eta apikulatua lorearen beheko laurdenean. Periantoa iraukorra da eta espoloi nektarifero zuzena dute edo pixka bat kurbatua.

Fruituak

3-5 folikulu ileduneko fruituak garatzen ditu, hazi zimurtsu askorekin, 3-5 mm-koak eta obpiramidalak.

Antzeko espezieak

Aconitum vulparia

Aconitum anthoraren loreeak hemisferikoak dira, baina A. vulpariarenak konikoak edo zilindrikoak, zaku formakoak eta bi-hiru aldiz luze baino zabalagoak. Nektarioko espoloia erabat kurbatua egoten da, espiral moduko batean.

Banaketa

Europako erdialdeko eta hegoaldeko mendietan aurki daiteke. Gure inguruan, Pirinioetan izaten da nagusi, baino mendebalderantz urriagoa da, eta Euskal Herriko mendebaldeko mendietan du muga. Izan ere, Aizkorri eta Entzia mendilerroetan hazten dira ale bakan batzuk, 1000 eta 1550 metro bitarteko altueran. 

Aconitum anthora Aconitum anthora

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Erlaitz belartsuetan eta larre aldapatsuetan hazten da, kareharrizko harkaitzen azpian, iparraldera begira beti, leku lainotsu eta euritsuetan. 1000-2400 metrotara aurki daiteke.

Fenologia

Udaldian loratzen da, uztailetik irailera bitartean, eta fruituak udazkenaren lehen erdian heltzen dira.

Erabilerak

Propietate antihelmintikoak (zizareek eragindako infekzioak tratatzeko), febrifugoak (sukarra tratatzeko) eta diuretikoak omen ditu.

Kontserbazioa

EAEko Zerrenda Gorrian 'Kaltebera' kategorian sailkatuta dago 2010. urteik eta Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoan 'Bakana' bezala 2011. urtetik. Leku zailetan bizi da eta, beraz, ez du pairatzen giza jardueren eragina. Hala ere, populazio txikietan bizi da eta habitataren edozein aldaketak eragin handia izan dezake hauengan. Ira-belarraren populazio mendebaldarrenak direla hartu behar da kontuan. Banaketa-mugan izanik, badirudi ez duela nahikoa indarra inguruko zonak kolonizatzeko. Horregatik debekatuta dago espezie hori biltzea, ezinbesteko kasuak salbu. Laborantza esperimentala oso interesgarria litzateke, landarea inguru egokietan sartzeko.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/04/18 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1532 | Argazki nagusia: Lopasa

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...