Ihar frantsesa
Acer monspessulanum

Eskualde mediterranearreko astigarra dugu hau, Euskal Herrian oso arrunta ez dena. Nahiko ugaria da Montpellier inguruan eta hori dela eta, Montpellierreko astigarra ere deitua da. Gainontzeko astigarretatik bereizten dituen hiru lobulutako hostoak ditu eta udazkenean kolore gorri deigarriak hartzen dituzte hauek.

Acer monspessulanum

Dibisioa
Magnoliphyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Sapindales
Familia
Aceraceae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1958
Estatusa
ne

Morfologia

Tamaina erdiko zuhaitz hostoerorkor hau oso adarkatuta egoten da eta 10-15 metroko altuera hartzera iris daiteke. Enborrak 75 cm-rainoko diametroa du eta azal leun eta gris iluna zuhaitz gazteetan, baina zartatua eta ezkatatsua alerik zaharrenetan.

Hostoak

3-6 x  3-7 cm-ko hostoak ditu, peziolo handiekin  (2-5 cm-koak) eta hauek maiz kolore gorrixka hartzen dute. Erraza da beste astigarretatik bereiztea, honen hostoak hiru lobulu nabaritan zatituta baitaude. Itxuraz, koriazeoak dira, glabroak azpialdetik eta disdiratsuak gainekaldetik. Kolore berde iluna dute eta ertz leuna.

Loreak

Lore berde-horixkak ematen ditu korinbo motako infloreszentziatan taldekatzen direnak. Korinbo hauek tenteak dira hasieran baina 2-3 cm-ko luzera lortzean dilindariak bilakatzen dira, pedizelo handiekin. Loreen estaminak disko nektariferoaren barneko ertzean txertatuta daude.

Fruituak

Samara motako fruituak ematen dituzte, hego konbergente edo ia paraleloekin. Samara hauek 2-3 cm-ko luzera izaten dute eta oinarri (nukula) borobildua dute.

Antzeko espezieak

Acer campestre
Acer campestre

Ihar fratsesak ez bezala, astigar honen hostoek sapa ugari dute hostoetan eta samaren hegoak askoz estuagoak dira.

Banaketa

Espezie honek Mediterraneo aldean du jatorria eta itsaso honen kostaldetik zabalduz joan da egun duen banaketa lortu arte: mendebaldetik Marokotik Portugalera; ekialdetik Siria, Libano, Turkia eta Palestina; eta iparraldetik Frantziako Jura eta Alemaniako Eifel mendietan.

Acer monspessulanum Acer monspessulanum

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Sorbus aria
Hostazuria
Betula pendula
Urki dilindaria


Ekologia

Euskal Herrian, mendialdeetan baino ez da agertzen, 300-1200 metro artean, hariztietan batik bat. Ondo jasaten du itzala eta negu oso hotzak ere jasateko gai da. Kareharrizko lurrak nahiago ditu baina lur silizeoetan ere hazi daiteke.

Fenologia

Apiriletik ekainera loratzen da eta fruituak uztailan eta abuztuan ematen ditu.

Erabilerak

Bere egurra oso preziatua da ebanisterian eta zurgintzan.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/10/14 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1514 | Argazki nagusia: Inter Semillas

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...