Basasagua
Apodemus sylvaticus

Basasagua, izenak dioen moduan, Europa osoko basoetan nahiko arrunta dugun sagutxoa da. Sagu lepahoriarekin estuki ahaidetuta dago eta biak nahiko antzekoak dira morfologikoki, basasagua zertxobait txikiagoa. Euskal Herrian ia nonnahi topa daiteke.

Apodemus sylvaticus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Muridae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Basasagua buru handi eta luzeko, begi handi eta iluneko eta belarri handiko sagua dugu. Ile marroi-gorrixka du eta sabelalde zuri edo grisa. Sagu lepahoriaren oso antzekoa da baina hau baino txikiagoa da 81-103 mm neurtzen dituela muturretik isatsa hasten den lekuraino. Nahiko isats luzea du, 71-95 mm-koa eta ez du sagu lepahoriak bezala, iduneko horirik bular aldean. Gainera, basasaguak belarri txikiagoak ditu.

Isatsa partzialki iletsua da eta ez da oratzailea. Hanka txuriak ditu. Ale arrak emeak baino zertxobait handiagoak diren arren, ez dago dimorfismo sexualik eta emek 6-8 ugatz dituzte.

Basasaguen hortz-formula 1.0.0.3/1.0.0.3 da.

Antzeko espezieak

Apodemus flavicollis
Apodemus flavicollis

Basasagua baino handiagoa da tamainaz sagu lepahoria. Izenak dioen moduan maiz kolore horiko idunekoa du lepo inguruan. Hala ere, ezaugarri hau ezin da espeziea identifikatzeko erabili. Ale gazteak, gainera, ilunagoak dira eta txikiak direnean, ia ezinezkoa suertatzen da basasagua eta sagu lepahoria bereiztea.


Mus generoa
Mus spretus Mus musculus

Mus generoko saguen oinaren luzera beti da 20 mm baino gehiagokoa.

Banaketa

Ia Europa osoan banatuta dago (Finlandian, Eskandinavia iparraldean, Baltiko inguruan eta Errusian izan ezik). Afrikako iparralderaino iristen da (Panteleyev 1998, Montgomery 1999, Wilson and Reeder 2005).

Apodemus sylvaticus Apodemus sylvaticus

Habitata

Ia edozein habitat motan aurki daiteke, zonalde desertikoetatik hasi eta eskualde Eurosiberiarreko ingurune subalpetarreraino. Itsas mailatik 1850 metrora bizi da eta nahiago ditu estaldura handiko basoak. Tarteka zonalde erabat lauetan aurkitu daiteke, marismetan, esate baterako.



Habitat bereko espezie gehiago

Fringilla coelebs
Canis lupus
Blanus cinereus
Troglodytes troglodytes
Luscinia megarhynchos
Aquila fasciata
Neophron percnopterus
Colias croceus


Elikadura

Espezie orojalea da eta une bakoitzean dauden elikagai-iturri desberdinak ustiatzen ditu. Fruituak eta haziak dira bere dietaren osagai nagusiak baina tareka harrapakin biziak jan ditzake, intsektuak eta hauen larbak, esate baterako.

Ugalketa eta ontogenia

Basasaguaren ugal-sasoia baldintza klimatologikoen oso araberakoa da. Zonalderik hotzenetan ugal-sasoia udaberritik udazkenera gertatu ohi da eta eskualde mediterranearretan ernaldutako emeak abuztu eta apirila bitartean topatu dira.

Basasaguen ernaldia 25-26 egunekoa izaten da eta urtean hiru kumaldi izatera iritsi daiteke. Erabateko titi-uztea 21 egunekin ematen da eta handik aste gutxira heldutasun sexuala lortzen dute kumeek. Kumaldiko kume kopurua ere ingurugiro baldintzen araberakoa da. Esate baterako, Piriniotako populazioek 3-7 kume dituzte,  Kataluniakoek 2-11 eta Doñanakoek 3-6 (batezbeste 4-5).

Bizimodua

Basasaguak espezie gautarrak dira. Ugal-sasoian zehar lehiakorrak dira baina behin epe hau amaituta, ale desberdinak inongo arazorik gabe bizi daitezke habi beraren baitan. Lurrazpiko galeriak eraikitzen dituzte habiak egiteko, edo bestela arroketan edo zuhaitzetan topatutako zirrikituak. Habiak landareen artean ere egon daitezke, esaterako, orbela artean, lasto artean edo goroldioaren artean.

Basasaguaren batezbesteko biziraupena 18 hilabetekoa da eta ale gehienek ez dituzte bi negu irauten. Hala ere, basasagu populazioak nahiko egonkorrak dira neguan, %95ak indibiduo heldu edo subhelduez osaturik egoten direlarik.

Apiriletik aurrrera ugal-sasoia hasten da basasaguarentzat baina bereziki irailan dira sexualki aktibo.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Blanco JC. 1998. Mamíferos de España. Planeta. Barcelona

Perez FP. 2002. Euskal Herriko ugaztunak. ADEVE.

Larrañaga J. 1996. Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak): anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea.

Leach, M.. 1990. Mice of the British Isles. Shire Natural History. Shire Publications Ltd. Aylesbury

Sans-Coma V & J Gosàlbez i Noguera. 1976. Sobre la reproducción de Apodemus sylvaticus L. 1758 en el nordeste ibérico. Miscellània Zoològica, 3 (5):

Garcia FJ, Diaz M, de Alba JM, Alonso CL, Carbonell R, de Carrion ML, Monedero C, Santos T. 1998. Edge effects and patterns of winter abundance of wood mice Apodemus sylvaticus in Spanish fragmented forests. Acta Theriologica, 43 (3): 255-262

Moreno S & Kufner MB. 1988. Seasonal Patterns in the Wood Mouse Population in Mediterranean Scrubland. Acta Theriologica, 33 (7): 79-85

Tellería JL, T Santos & M Alcantara. Journal of mammalogy. Abundance and food-searching intensity of wood mice (Apodemus sylvaticus) in fragmented forests. 1991, 72 (1): 183-187
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/11/19 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3007 | Argazki nagusia: Hans Hillewaert

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...